Hauteskunde-mahaiak

Hauteskunde-mahaia Hauteskunde Administrazioaren parte da, hauteskunde-batzordeekin batera.

Hiru pertsonak osatzen dute: mahaiburu batek eta hirurogeita hamar urtetik beherakoak diren eta irakurtzen eta idazten dakiten bi mahaikidek.

Mahaiko kideak zozketa bidez aukeratuko dira, mahaian erroldatutako pertsona guztien artean.

Mahaiburuak batxiler-titulua edo bigarren mailako lanbide-heziketako titulua izan behar du; edo, bestela, eskola-graduatua edo baliokidea.

Mahaietako kideak hautatzea udalei dagokie, osoko bilkuran egindako zozketaren bidez. Hala ere, zozketa tokiko gobernu-batzarraren aurrean egin daiteke, baldin eta udaleko osoko bilkurak eskumen hori eskuordetu badio, eta baldin jendaurreko bilkuran egiten bada. Zozketak urriaren 31tik azaroaren 4ra bitartean egingo dira (HBZren 9/2019 Jarraibidea)

Mahaiko kide diren pertsona guztiek, bai eta mahaiko kide titular gisa azkenean izendatzen diren ordezkoek ere:

  • 75 euroren dieta jasoko dute;
  • biharamunean lanaldia bost ordu murrizteko eskubidea izango dute;
  • Gizarte Segurantzaren sistemak babestuta egongo dira, hauteskundeetan parte hartzeak ekarritako gertakari eta egoeren aurrean.

Hauteskunde-mahaiburu eta mahaikide karguak nahitaezkoak dira, bai eta ordezkoen karguak ere. Hautagai gisa aurkezten direnek ezin dituzte bete.

Mahaiburuak, mahaikideek eta ordezkoek, beren eginkizunak betetzera joaten ez badira, hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hogeita laura bitarteko isuna jasoko dute.

Izendapena urriaren 31tik azaroaren 7ra bitartean jakinarazi behar zaie interesdunei (3 egun zozketa egiten denetik). Jakinarazpenarekin batera, hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonei jarraibide-eskuliburu bat emango zaie, Hauteskunde Batzorde Zentralak gainbegiratua eta Ministroen Kontseiluak onartua.

Mahaiburu eta mahaikide izendatuek zazpi eguneko epea dute eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean kargua onartzea eragozten dien arrazoi justifikatu eta dokumentatua alegatzeko. Batzordeak bost eguneko epean ebatziko du. Ebazpenaren aurka ezingo da errekurtsorik jarri; eta, ordezkatzea egokitzen bada, batzordeak lehenengo ordezkoari emango dio ordezkapenaren berri.

Geroago, izendatutakoetatik edozeinek ezin badu bere kargua bete, eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinarazi beharko dio, gutxienez hauteskundeen eguna baino 72 ordu lehenago, eta dagozkion justifikazioak aurkeztu beharko ditu.

Eragozpena epe hori igarota sortzen bada, berehala jakinarazi beharko zaio batzordeari, eta, betiere, mahaia eratu baino lehen. Kasu horietan, batzordeak ordezkoari jakinaraziko dio ordezkotza, horretarako astirik badago, eta beste bat izendatuko du, beharrezkoa izanez gero.

Hauteskunde-mahai bakoitzeko mahaiburua, bi mahaikideak eta —baldin badaude— ordezkoak azaroaren 29ko zortzietan bilduko dira, dagokien lokalean.

Mahaiburua bertaratu ez bada, haren lehen ordezkoak hartuko du haren lekua. Hura ere falta bada, bigarren ordezkoak hartuko du lekua; eta hura ere bertaratu ez bada, lehenengo mahaikideak edo bigarrenak hartuko du mahaiburu kargua, hurrenkera horretan. Bertaratu ez diren mahaikideak edo mahaiburu kargua hartzen dutenak haien ordezkoek ordezkatuko dituzte.

Ezin da mahaia eratu mahaiburu bat eta bi mahaikide ez badaude. Baldintza hori bete ezin bada, bertaratutako mahaikideek, bertaratu diren ordezkoek edo, halakorik ezean, gobernu-agintaritzak gertatutakoari buruzko adierazpen bat egin eta sinatuko dute, eta posta ziurtatuz bidaliko diote eskualdeko hauteskunde-batzordeari, eta telegrafoz edo telefonoz ere jakinaraziko dizkiote gorabehera horiek.

Kasu horretan, batzordeak askatasunez izendatuko ditu hauteskunde-mahaia osatuko duten pertsonak, eta lokalean dauden hautesleetako bat ere mahaiko kide izan dadila agindu dezake. Betiere, batzordeak gertatutakoaren berri ematen dio fiskaltzari, agertu ez diren mahaiko kideen edo ordezkoen balizko erantzukizun penala argitzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, mahaia ezin bada eratu bozketa hasteko legez ezarritako ordua baino ordubete geroago, artikulu honetako hirugarren paragrafoan izendatutako pertsonek horren berri emango diote eskualdeko hauteskunde-batzordeari, eta batzordeak mahaian beste bozketa bat egiteko deia egingo du, hurrengo bi egunetan. Deialdiaren kopia bat berehala jarriko da hauteslekuko atean, eta batzordeak ofizioz izendatuko ditu mahai berriko kideak.

Hautagaitza bakoitzaren ordezkariek edozein herritarri eman diezaiokete boterea, adinduna bada eta bere eskubide zibil eta politikoen erabilera osoa badu, hautagaitzaren ordezkaritza izan dezan hauteskunde-ekitaldi eta -eragiketetan. Hori dira ahaldunak.

Ahaldunak hauteskunde-lokal guztietara joan daitezke, bozketaren eta edozein mahaitako zenbaketaren garapena aztertu dezakete, eta erreklamazioak egin eta ziurtagiriak eska ditzakete.

Ahaldunek, beren hautagaitzako kontu-hartzailerik ez badago, mahaiaren aurrean kontu-hartzailetzat jardun dezakete, eta eztabaidetan hitza izango dute, baina botorik ez.

Ahaldunek halakotzat identifikatu behar dute, mahaikideei beren egiaztagiriak eta nortasun agiri-nazionala erakutsiz.

Ahaldunek, mahaiko erroldan izena emanda ez badaude, ez dute mahaian bozkatuko.

Hautagaitza bakoitzak, bere ordezkariaren bidez, hauteskundea baino hiru egun lehenago arte, bi ikuskatzaile izenda ditzake hauteskunde-mahai bakoitzeko, taloi-kredentzialak emanez, izendapenaren oinean data eta sinadura jarrita.

Ikuskatzaile horiek mahaira joan daitezke eta eztabaidetan parte har dezakete, hitzarekin baina botorik gabe. Ondorio horietarako, mahaian akreditatuta dauden hautagaitza bakoitzaren kontu-hartzaileak elkarren artean ordezka daitezke.

Akreditatuta dauden mahaian soilik betetzen dute beren eginkizuna.

Erreklamazioak eta protestak egin ditzakete, eta ziurtagiriak eska ditzakete.

Akreditatuta dauden mahaian bozkatzen dute, nahiz eta bertako erroldan sartuta ez dauden, baldin mahai horri dagokion barrutiko erroldan izena emanda badaude. Bestela, beren izena duen erroldaren mahaian soilik eman ahalko dute botoa, postaz.

“Ikuskatzailearen botoa akreditatuta dauden mahaian eman beharko da, mahai hori deitutako hauteskunde-prozesu guztietan botoa ematea dagokion hauteskunde-barrutikoa denean; aldiz, postaz eman beharko da, prozesu horietako batean ez bada horrelakorik gertatzen.” (Hauteskunde Batzorde Zentralaren 1/2019 Instrukzioa, 2019ko urtarrilaren 23koa)